Gure Practicum II-a jadanik bukatu dugu eta gure esperientziako zenbait aspektuko memoriak egiteko ordua heldu da.
Aurreko sarreran azaldu nuen bezala nire banakako ahozko jarduera laburraren interbentzioa egiteko Modulu Lanean lantzen ari garen ipuinaren kontakizuna erabili dut: KOLOREEN MUNDUA deiturikoa hain zuzen ere.
Interbentzio hau Deustuko Eskola Publikoko 2 urteko gelan egin dut. Ez ditut oztoporik aurkitu eskola aldetik burutu beharreko jarduera aurrera eramateko, eta tutorearen jarrera guztiz lagungarria izan da prozesu honetan.
Hasteko, interbentzioko esperientzia pertsonala laburki azalduko dut:
- Jarduera honekin hasteko Kolore-Kolore jolasa proposatu dut umeek energia askatzeko eta bide batez, agian zenbait koloreen izenak ikasi ahal izateko. Argi dago garapen maila ezberdinetako umeak izanda, ume bakoitzak inplikazio ezberdina izan duela jolas honetan, baina gozamenaren usain argia igarri da gelan momentu hartan. Jolas honetan umeek gelako espazio guztiak nahi izan duten moduan konkistatzeko askatasun osoa izan dute, alde batetik bestera ibiltzeko eta askatasun hori beraien plazer aurpegietan nabarmendu da. Haur batzuek ez zituzten kolore batzuk ezagutzen, noski, baina arin moldatu egin dira eta beraien lagunak pozik jarraitu dituzte, konplizitate puntu batekin eta lagunak ukitzen zituzten koloreak modu dibertigarri batean ukituz. Horrela, klase-kideen artean jakintza transmisio nabarmen bat gertatu da. Proposatutako lehenengo jarduerak (“Kolore! Kolore!” jolasa) urduritasuna eta irrika eragin du umeen artean. Beraz, esan dezaket jolasa eta mugimendua estuki lotuta daudela haurren emozio positiboei.

· Hasierako jarduera hau burutu ondoren ipuinaren kontakizunaren momentua heldu da. Hasierako jarduera amaituta, ipuin kontaketaren bidez umeak lasaitu egin dira eta gustu onez hartu dute bigarren jarduera hau.
Praktikak hasi nituenetik, 2 urteko gelan nengoela ikusita, ipuinarekin bueltaka nenbilen; ipuina aztertzen, aldaketak pentsatzen, beraien adinera egokitzen ahalegintzen … Nire tutorearekin hitz egin nuen eta ipuina asko gustatu zitzaion arren ez zuen bi urteko umeentzako ikusten. Beraz, bere laguntzarekin aldaketa asko egin nituen. Hainbat kolore kendu, esaldiak errazagoak eta laburragoak diseinatu nituen eta ipuinaren iraupena askoz laburragoa egin nuen. Eta zer egin arrosa eta urdinaren kontuarekin? Hau izan zen nire zalantza azken momenturarte. Kontatuko diet kolore hauen istorioa? Baina ez dute ulertuko, galdu egingo dira… -pentsatzen nuen. Azkenean, tutorearekin batera ipuina moldatzean, azken parte honetako esentzia asko murriztu genuela uste dut. Baina horrela izan arren, 2 urteko umeentzako egokiagoa zen ipuin berri bat lortu genuen.
Lehen asaldu dudan moduan, hasierako jarduerarako Kolore-kolore! jolasa erabili dut eta hau alde batera utzita, jolasean askatutako tentsioa baretzeko aukera izan dute. Oso momentu berezia izan da hau, hainbeste umeren aurrean ipuin bat kontatzen dudan lehenengo aldia izan baita. Hasiera urduri egon naiz baina ipuinaren lehenengo esaldiak esan bezain pronto ziurtasuna heldu zait gorputzera eta gozatzen hasi naiz. Esan beharra daukat oso eroso sentitu naizela. Egia da momentu batzuetan, umeen arreta ez galtzearren, inprobisatu behar izan dudala, eta puntu hau ere oso interesgarria iruditu zait.
Ipuinaren moldaketan egin eta gero ipuin polita bat ere izan da, baina agian ez hain sakona. Ipuin deskribagarriago bat geratu zait mezudun ipuin bat baino. Argi geratu zaidana umeak ipuin kontaketak oso gustuko dituztela da. Egia da esperientzia oso ona izan dela, errepikatzeko modukoa, eta haurren aurrean ipini naizenetik asko gozatu dudala eta nire burua paper hartan ikusteak ilusio eta esperantza handiak eman dizkidala.
Ipuin kontaketan, tonuak, erritmoak, keinuek...berebiziko garrantzia dute.
Jakina da ipuinek haurrentzat duten interesa eta haien heziketarako duten garrantzia; harrigarria da ikustea nolako arretaz entzuten dituzten haurrek ipuinak, nola behin eta berriz ipuin berdinak irakurtzea eskatzen duten, nola txikitatik ezagutzen dituzten ipuin berari esanahi berriak aurkitzen dizkioten. Horregatik ipuin kontaketa honekin eskainitako esperientzia honen bidez, ipuin kontaketa batek eman ditzakeen aukera anitzak ezagutzeko aukera izan dut. Ipuinen bidez haurren irudimena eta sormena garatzen da eta umeen emozioak ateratzeko, partekatzeko eta behatzeko aukera eskaintzen dira. Guzti honekin ipuinei merezi duten presentzia eta garrantzia eman behar diegu.
· Ipuina bukatzean marrazki librea eskaini diet adierazpen jarduera bezala eta eskuak margotuz kolore nahasketak sortu dituzte. Adierazpen jardueran kolore nahasketak emozio anitz sorrarazi ditu haurren artean; sorpresa, ilusioa, poztasuna... beraz lan honi amaiera emateko modu bikaina izan dela uste dut. Hau bai dibertigarria!!!!


Ahotsaren tonu aldaketak egiten saiatu naiz, eta pertsonaietara moldatu ere. Erritmoarekin ere adi ibili naiz, lasaia eta pausatua izateko. Esaldiak ere, esan bezala, ahalik eta labur eta sinpleenak azaleratu ditut, 2 urteko gelan nengoela ikusita. Ahoskatze garbia izaten saiatu naiz baina hau askotan kostatu egin zaidala onartu beharra daukat. Tonuari dagokionez, aldaketa nabarmenak egin ditut umeak erakartzeko eta uste dut honetan abilagoa ikusi naizela. Intonazioarekin jarraituz, uste dut gehienetan tonu baxua mantendu dudala, umeak ahalik eta isilik egotearren. Ipuinaren pertsonifikazioak islatzeko eta umeen ulermena errazteko, ahots aldaketak egin ditut, irudiak erabili izan ditudan bitartean. Gorputza mugimenduari ere garrantzia ematen saiatu naiz baina onartu beharra dauka hainbeste gauzetan adi egotea ez zaidala gauza erreza suertatu. Batez ere aurpegiarekin egin ditut keinuak, adierazkortasun keinuak batez ere, pertsonaien sentimenduak adierazteko. Gorputzarekin jarraituz, nire kokapena umeen altuera berdinean egon da, hau da, denak lurreko alfonbrako korroan mantendu gara. Nire jarrera positiboa izan da, motibagarria eta ahalik eta gehien inplikatzen saiatu naiz, parte hartzea bultzatu dudan heinean.
.

