CUENTOS PARA ANTES DE DESPERTAR

miércoles, 23 de enero de 2013

NIRE INTERBENTZIOA

Gure Practicum II-a jadanik bukatu dugu eta gure esperientziako zenbait aspektuko memoriak egiteko ordua heldu da.

Aurreko sarreran azaldu nuen bezala nire banakako ahozko jarduera laburraren interbentzioa egiteko Modulu Lanean lantzen ari garen ipuinaren kontakizuna erabili dut: KOLOREEN MUNDUA deiturikoa hain zuzen ere.





Interbentzio hau Deustuko Eskola Publikoko 2 urteko gelan egin dut. Ez ditut oztoporik aurkitu eskola aldetik burutu beharreko jarduera aurrera eramateko, eta tutorearen jarrera guztiz lagungarria izan da prozesu honetan.





Hasteko, interbentzioko esperientzia pertsonala laburki azalduko dut:

  • Jarduera honekin hasteko Kolore-Kolore jolasa proposatu dut umeek energia askatzeko eta bide batez, agian zenbait koloreen izenak ikasi ahal izateko. Argi dago garapen maila ezberdinetako umeak izanda, ume bakoitzak inplikazio ezberdina izan duela jolas honetan, baina gozamenaren usain argia igarri da gelan momentu hartan. Jolas honetan umeek gelako espazio guztiak nahi izan duten moduan konkistatzeko askatasun osoa izan dute, alde batetik bestera ibiltzeko eta askatasun hori beraien plazer aurpegietan nabarmendu da. Haur batzuek ez zituzten kolore batzuk ezagutzen, noski, baina arin moldatu egin dira eta beraien lagunak pozik jarraitu dituzte, konplizitate puntu batekin eta lagunak ukitzen zituzten koloreak modu dibertigarri batean ukituz. Horrela, klase-kideen artean jakintza transmisio nabarmen bat gertatu da. Proposatutako lehenengo jarduerak (“Kolore! Kolore!” jolasa) urduritasuna eta irrika eragin du umeen artean. Beraz, esan dezaket jolasa eta mugimendua estuki lotuta daudela haurren emozio positiboei.


 

·        Hasierako jarduera hau burutu ondoren ipuinaren kontakizunaren momentua heldu da. Hasierako jarduera amaituta, ipuin kontaketaren bidez umeak lasaitu egin dira eta gustu onez hartu dute bigarren jarduera hau.
Praktikak hasi nituenetik, 2 urteko gelan nengoela ikusita, ipuinarekin bueltaka nenbilen; ipuina aztertzen, aldaketak pentsatzen, beraien adinera egokitzen ahalegintzen … Nire tutorearekin hitz egin nuen eta ipuina asko gustatu zitzaion arren ez zuen bi urteko umeentzako ikusten. Beraz, bere laguntzarekin aldaketa asko egin nituen. Hainbat kolore kendu, esaldiak errazagoak eta laburragoak diseinatu nituen eta ipuinaren iraupena askoz laburragoa egin nuen. Eta zer egin arrosa eta urdinaren kontuarekin? Hau izan zen nire zalantza azken momenturarte. Kontatuko diet kolore hauen istorioa? Baina ez dute ulertuko, galdu egingo dira… -pentsatzen nuen. Azkenean, tutorearekin batera ipuina moldatzean, azken parte honetako esentzia asko murriztu genuela uste dut. Baina horrela izan arren, 2 urteko umeentzako egokiagoa zen ipuin berri bat lortu genuen.
Lehen asaldu dudan moduan, hasierako jarduerarako Kolore-kolore! jolasa erabili dut eta hau alde batera utzita, jolasean askatutako tentsioa baretzeko aukera izan dute. Oso momentu berezia izan da hau, hainbeste umeren aurrean ipuin bat kontatzen dudan lehenengo aldia izan baita. Hasiera urduri egon naiz baina ipuinaren lehenengo esaldiak esan bezain pronto ziurtasuna heldu zait gorputzera eta gozatzen hasi naiz. Esan beharra daukat oso eroso sentitu naizela. Egia da momentu batzuetan, umeen arreta ez galtzearren, inprobisatu behar izan dudala, eta puntu hau ere oso interesgarria iruditu zait.
Ipuinaren moldaketan egin eta gero ipuin polita bat ere izan da, baina agian ez hain sakona. Ipuin deskribagarriago bat geratu zait mezudun ipuin bat baino. Argi geratu zaidana umeak ipuin kontaketak oso gustuko dituztela da. Egia da esperientzia oso ona izan dela, errepikatzeko modukoa, eta haurren aurrean ipini naizenetik asko gozatu dudala eta nire burua paper hartan ikusteak ilusio eta esperantza handiak eman dizkidala.
Ipuin kontaketan, tonuak, erritmoak, keinuek...berebiziko garrantzia dute.
Jakina da ipuinek haurrentzat duten interesa eta haien heziketarako duten garrantzia; harrigarria da ikustea nolako arretaz entzuten dituzten haurrek ipuinak, nola behin eta berriz ipuin berdinak irakurtzea eskatzen duten, nola txikitatik ezagutzen dituzten ipuin berari esanahi berriak aurkitzen dizkioten. Horregatik ipuin kontaketa honekin eskainitako esperientzia honen bidez, ipuin kontaketa batek eman ditzakeen aukera anitzak ezagutzeko aukera izan dut. Ipuinen bidez haurren irudimena eta sormena garatzen da eta umeen emozioak ateratzeko, partekatzeko eta behatzeko aukera eskaintzen dira. Guzti honekin ipuinei merezi duten presentzia eta garrantzia eman behar diegu.

·        Ipuina bukatzean marrazki librea eskaini diet adierazpen jarduera bezala eta eskuak margotuz kolore nahasketak sortu dituzte. Adierazpen jardueran kolore nahasketak emozio anitz sorrarazi ditu haurren artean; sorpresa, ilusioa, poztasuna... beraz lan honi amaiera emateko modu bikaina izan dela uste dut. Hau bai dibertigarria!!!!





Ahotsaren tonu aldaketak egiten saiatu naiz, eta pertsonaietara moldatu ere. Erritmoarekin ere adi ibili naiz, lasaia eta pausatua izateko. Esaldiak ere, esan bezala, ahalik eta labur eta sinpleenak azaleratu ditut, 2 urteko gelan nengoela ikusita. Ahoskatze garbia izaten saiatu naiz baina hau askotan kostatu egin zaidala onartu beharra daukat. Tonuari dagokionez, aldaketa nabarmenak egin ditut umeak erakartzeko eta uste dut honetan abilagoa ikusi naizela. Intonazioarekin jarraituz, uste dut gehienetan tonu baxua mantendu dudala, umeak ahalik eta isilik egotearren. Ipuinaren pertsonifikazioak islatzeko eta umeen ulermena errazteko, ahots aldaketak egin ditut, irudiak erabili izan ditudan bitartean. Gorputza mugimenduari ere garrantzia ematen saiatu naiz baina onartu beharra dauka hainbeste gauzetan adi egotea ez zaidala gauza erreza suertatu. Batez ere aurpegiarekin egin ditut keinuak, adierazkortasun keinuak batez ere, pertsonaien sentimenduak adierazteko. Gorputzarekin jarraituz, nire kokapena umeen altuera berdinean egon da, hau da, denak lurreko alfonbrako korroan mantendu gara. Nire jarrera positiboa izan da, motibagarria eta ahalik eta gehien inplikatzen saiatu naiz, parte hartzea bultzatu dudan heinean.
 .




sábado, 20 de octubre de 2012

DISEINUA

AHOZKOA LANTZEN
NOR NAIZ?
Izaro Gonzalez de Ibarra Uriarte

ZER EGIN NAHI DUT?
Lauhilabete honetako Modulu Lana oso interesgarria iruditzen zait; ipuinaren kontakizuna hain zuzen ere. Modulu Lan hau egiteko CUENTOS PARA ANTES DE DESPERTAR (Nunila Lopez Salamero, Mirian Cameros Sierra) liburuko LOS COLORES ipuina aukeratu dugu. Gai honek asko erakarri nau, beraz gai berdina aukeratu dut irakasgai honetan ahozkotasuna lantzeko jarduera hau egiteko.


FITXA TEKNIKOA
Liburua: Cuentos para antes de despertar
Ipuina: Los colores
Egileak: Nunila Lopez Salamero eta Myrian Cameros Sierra




LOS COLORES ipuina erreferentziatzat hartuta, moldaketa ezberdinak egin ditugu eta gure 

KOLOREEN MUNDUA  sortu dugu taldean.


Beraz, eskolan KOLOREEN MUNDUA deituriko ipuina irakurriko dut eta bertan ahozkotasuna lantzeko jarduera batzuk aurrera eramango ditut, interbentzio eta ikerketa txiki bat eginez.

 
ZEIN DA NIRE HELBURUA?
Umeen ahozko hizkuntzari ahalik eta arreta gehien jartzen saiatuko naiz.

"Ikasgela da ikasteko eta irakasteko prozesua gauzatzen den lekurik erabakigarriena hain zuzen eta batik bat, ikasgelan gertatzen direlako ikasleen arteko nahiz ikasleen eta irakaslearen arteko elkarrekintzak"

(Tharp, 2002)

 

NON EGINGO DUT?
Deustuko Eskola Publikoan

NOIZ EGINGO DUT?
Nire Practicum II-an, eguneroko bizitzan interbentzio txiki bat eginez

NOLA EGINGO DUT?

Nire interbentzioa 3 etapatan banatuko dut:
  • Ipuinaren aurreko jarduera
    • "Kolore-kolore" jolasa proposatuko dut umeei koloreei buruzko testuinguru esanguratsu bat aurkezteko asmoz. Guzti hau ikuspegi komunikatibo bat erabiliz suertatuko da, eta horregaitik emango diot hainbeste garrantzi testuinguru honi. Jarduera honetan (eta azkenengoan ere) komunikazio errealak bilatuko ditut, helburu errealak finkatuz, testuinguru komunikatibo batean hain zuzen ere. Guzti honekin irakaskuntza esanguratsu bat ahalbidetzen saiatuko naiz.
  • KOLOREEN MUNDUA ipuina kontatuko dut, umeen parte-hartzea bultzatuz.
    • Puntu hau oso garrantzitsua da. Haurrek hitz egiten ikasteko eta hitz egiten bultzatzeko, guk hitz egin behar diegu "Un niño aprende a hablar porque se le habla" Isabel Guibourgek 2001ean esan zuen moduan. 
  • Ipuinaren ondorengo jarduera
    • Umeen fantasia landu nahi dut, sentimenduen adierazpena helburutzat izanda eta sormena lantzen duten bitartean. Kolorei buruz hitz egingo dugu, bakoitzari ze kolore gustatzen zaion galdetuz, etab. Sarrera hau egin ondoren,  koloreei  IZAERAK ezartzeko eta asmatzeko aukera emango diet. Beraz "Horia, ze kolore mota uste duzue dela; alaia, tristea... zergatik?" moduko galderak egingo dizkiet.
      • Adibidez: Horia alaia, marroia zikina, urdina ausarta, beltza tristea ... etab . Azalpenen bitartez umeek kolore bakoitzari izaera bat emango diote.
    • Eta bukatzeko, ondorengo galdera hau proposatuko diet:
      • Zuek ze kolore izan nahi duzue? eta zergaitik?


Prozesu guzti honetan nire hitz egiteko moduaren ezaugarriak ondorengoak izaten saiatuko naiz, edo behintza hauek AHOLKU moduan gertu izatea komenigarria izango zait:

  • Artikulazio argia
  • Igorpen sinpleak
  • Esanahi zehatzak
  • Datu argiak
  • Lexiko erabilgarria
  • Hedapenak: haurrak esandakoaren zabaltzea
  • Parafresiak: haurrak esandakoa beste modu batean adieraztea
  • Tonu ozenak
  • Goranzko intonazioa
  • Keinuen laguntza
  • Galdera asko
  • Arreta deiak maiz
  • Errepikapen ugari
  • Segurtasun afektiboa eskaintzea
  • Eredua ematea
  • Haur guztien parte-hartzea kudeatzea
  • Gauzak esaten laguntzea
  • Aurrez dakitenarekin zerikusia duten kontzeptuak azaltzea
  • Egiten ari diren lanari buruz eztabaidatzen laguntzea
  • Hizkuntzaren erabilerari buruzko hausnarketa eragitea
 


ZER HARTUKO DUT KONTUAN?
·         ESPAZIOA
o   GELAREN ANTOLAMENDUA
§  Talde osoa edo zatituta jarriko dudan
§  Ume eta irakaslearen antolamendua. Borobilean adibidez.
§  Irakasle eta ikasleen altuera
§  Gela arruntean edo berezian egingo dudan

·         DENBORA
o   Ahozkoari emango diodan garrantzia denbora kontuan harturik

·         TESTUINGURUA
o   Ipuin aurreko jarduera(k)
o   Ipuina
o   Ipuin ondorengo jarduera(k)

·         IRAKASLEA (edo ipuin-kontalaria)
o   Jarrera
o   Komunikazio ez berbala
o   Intonazioa
o   Eskuragarritasuna
o   Baliabideak

·         UMEAK
o   Jarrera
o   Komunikazio ez berbala
o   Parte-hartzea


·         EDUKIAK
o   Ahozkotasun honen bitartez landu nahi izango ditudan edukiak

·         BALIABIDE MATERIALAK
o   Umeen ahozko hizkuntza lantzeko baliabide materialak erabiliko ditudan

·         HIZKUNTZA
o   Umeen hizkuntzarekiko ezaguerak
o   Ama hizkuntza kontuan hartzea


AHOZKO HIZKUNTZAREN ZEIN TREBEZIA
LANDUKO DUGU?
Guzti honekin umeen narraziorako trebezia garatuko da. Batzuetan elkarrizketak
ere suertatuko dira, eta noizbehinka bakarrizketa baita ere. Koloreak azaltzean
deskribapena ere landu egingo dute.